oct 8, 2024
Comentarios desactivados

Alkartasuna Sariak

Baleak Elkartea, Philippe Aramendi, Jokin Etxebarria eta Irungo Harrera Sarea, Alkartasuna fundazioaren saridunak

Euskal kultura eta euskara sustatzeagatik, normalizazio politikoari eta gizarte-kohesioari egindako ekarpenengatik eta migratzaileekin egindako lan humanitarioagatik Nestor Basterretxearen “Zazpiak bat” domina jasoko dute urriaren 26an, Baionan.

ALKARTASUNA SARIAK 2024_kartela2024/10/17

Alkartasuna Fundazioak 2024ko Alkartasuna sariekin omenduko ditu Baleak Elkartea eta Philippe Aramendi abertzale historikoa, euskal kultura bultzatzeko egindako lanagatik. Jokin Etxebarria “Bake Bidea” mugimendu zibileko kidea Euskal Herriaren garapen eta kohesioari egindako ekarpenengatik, eta Irungo Harrera Sarea, migratzaileekin egindako lan humanitarioagatik.

Sariak Urriaren 26an banatuko dira, Baionako Le Bayonne hotelean, goizeko 11:00tan hasiko den ekitaldian.

Saridunak

Alkartasuna Fundazioak aintzat hartu du Baleak Elkarteak 1987tik euskal kultura eta hizkuntza sustatzeko egin duen lana. Euskara ikastaroak, bertso saioak, euskal kantutegi herrikoia zabaltzeko jarduerak edota topaketa gastronomikoak antolatu dituzte urte hauetan zehar.

Philippe Aramendi abertzale historikoak ere omenaldia jasoko du. Ibilbide luzea egin du Urruñako (Lapurdi) hezkuntza eremuan euskararen sustapenean, bai Seaska Ikastolen Elkarteko lehendakariordea gisa, Piarres Larzabal Kolegioaren eta bertako ikastolen buru bezala edo Ezkerreko Mugimendu Abertzalea (EMA), Abertzaleen Batasuna (AB) eta Euskal Herria Bai (EH Bai) koalizioko militantziaren bidez. Gaur egun Urruñako alkatea da eta Euskal Herriko Mankomunitateko (Iparralde) kidea.

Normalizazio politikoari eta gizarte-kohesioari egindako ekarpenengatik jasoko du saria Jokin Etxebarriak Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko “Bake Bidea” mugimendu zibileko kideak. Euskal preso eta iheslari ohiei herritartasun estatusa berreskuratu eta bizitza duina berreraikitzeko laguntza ematen dien Ipar Euskal Herriko Harrera Elkarteko koordinatzailea ere bada.

Irungo Harrera Sareak egindako lana ere aitortuko du Alkartasuna Fundazioak. 2018An sortu zen auzo-antolakuntza solidariotik, prekarietate eta abandonu egoeran dauden migratzaileei harrera duina egiteko. Elikagaiak, garbiketa, arropa eta osasun-laguntza ematen ditu eta, horrez gain, arreta humanitario integralerako eskubidearen aldeko kontzientziazio-ekintzak antolatzen ditu.

Guztiek egindako ekarpenengatik Nestor Basterretxearen “Zazpiak bat” domina jasoko dute.



Los comentarios están cerrados.