Adierazpena
Kataluniarekin eta gure erabakitzeko eskubidearen alde
Euskal Herriko Fundazio Soberanistok bat egiten dugu urriaren batekoan burutuko den ariketa demokratikoarekin, erreferendumarekin. Honetan parte hartzeko deia luzatu nahi genuke, bakoitzak bere esparrutik. Dokumentu honen sinatzaile garen Fundaziook CIEMEN elkarteak gonbidaturik delegazioa bidaliko dugu egun horietan Bartzelonara.
1: Euskal Herriko Fundazio Soberanistok kezka handiz ikusten dugu espainiar estatua herritar katalanen erabakitzeko eskubidearen kontra bideratzen ari den eraso zital erraldoia. Onartezina da errepresioa baliatzea herri baten demokrazia gogoaren aurka. Eredugarria da Kataluniar Herriak jazarpenaren aurrean duen jarrera irmo, baketsu eta arduratsua.
2: Kataluniak demokratikoki erabaki nahi du bere etorkizuna eta espainiar estatuak indarrez ukatzen dio. Prozesua guztiz zilegi eta garbia izan da. Gauzak horrela, ezinbestekoa da demokrata, ezkertiar edota aurrerakoi guziontzat burujabetze demokratikoarekin eta, era berezian, urriaren bateko erreferendumaz bat egitea. Halaber, demokrata eta ezkertiar gisa, herri burujabetza ariketa eratzaile etengabe bezala ulertzen dugu, herriak une jakin baten ez ezik, etengabe gauzatu behar duena. Hain zuzen ere, bizitzaren esparru guztietan eredu justu, duina eta bizigarria eraikitzeko ahalmen demokratikoa da guretzat burujabetza, dena erabakitzeko aukera ematen duena, eta horrela ulertzen dugu bere defentsa ere.
3: Katalunian lehertzen ari da 1978ko erregimena, autonomien erregimena, gurean ere aspaldi agorturik dagoena. Iritsi da, gauzak honela, espainiar estatuaren aldaketaren ezintasun estrategikoaz jabetzeko garaia. Sakoneko demokraziarik nahi duen orok, neoliberalismoari aurre egiteko bideak ireki nahi dituen orok jakin badaki dagoeneko herrien burujabetza dela aukera bakarra. Guk, gurean, hala ikusten dugu eta konpromisoa hartzen dugu euskal burujabetze prozesu propioa elkarrekin bultzatzeko, gure herriaren jardueran zentratuta, beste inoren baimenik itxoin gabe, beste inorekiko itunaren fantasian lotu gabe. Gogoeta ideologiko eta estrategikoan aritzen garen elkarte gisa, gure ahaleginak biderkatuko ditugu burujabetze jardueran ekarpen sendoak egiteko.
4: Elkartasun mezu beroa bidali nahi diogu Kataluniako herriari une garrantzitsu honetan. Ohore bat da CIEMEN elkartearen gonbidapena jaso izana eta Bartzelonan izango gara gu ere urriaren batean, Kataluniaren eta Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatu eta oinarrizko eskubideak defendatzeko.
izpta.: Manu Robles Arangiz Institutua , Alkartasuna Fundazioa, Ipar-Hegoa Fundazioa, Kultur Alternatiba eta Iratzar Fundazioa
Euskal Herria, 2017ko irailaren 28a
Iritzia
Links
- Jarrai gaitzazu YOUTUBEn!
- Eusko Alkartasuna
- Gazte Abertzaleak
- Imagination. 100 years of visual political communication on self determination
- Fundazio politikoen gardentasun-rankinga / Ranking de fundaciones
- EAren dokumentazioa artxiboan/ Documentación de EA en el archivo: www.sanchoelsabio.eus
- Draft proposal by Eusko Alkartasuna to expedite a sovereign agreement favouring the independence of Euskal Herria