Adierazpena
Estatuko ezkertiar eta aurrerakoi fundazio subiranistok herrien subiranotasuna defenditzen dugu, neoliberalismo, xenofobia eta eskuin muturraren aurrean
Bartzelonan, lehenengo aldiz, topaketa batean parte hartu genuen, eta gure elkartasuna adierazi genien katalauniako herriari eta bere instituzio demokratikoei
2017/02/21
Urte amaieran Bartzelonan lehenengo aldiz bildu ginen espainiar estatuko ezker nazionalen hainbat fundazio, Centre Internacional Escarré per a les Minories Ètniques i les Nacions (CIEMEN)ek gonbidatuta. Kataluniako erakunde honek nazioarteko elkartasuna lantzen du, eta dei egin zien beren burua ezker subiranistan kokatzen duten organizazio politiko eta sindikalei (hauek oso tradizio desberdinak dituztelarik: antikapitalismoa, sozialdemokrazia aurrerakoia, ekosozialismoa edota errepublikanismoa), estrainekoz iritziak elkartrukatzeko.
Topaketan parte hartu zuten fundazio edota pentsamendu guneak hauek izan ziren: Kataluniako Fundació Josep Irla eta Quim Soler (CUP); Illes Balearseko Fundació Emili Darder eta Ateneu Pere Mascaró; País Valenciàko Fundació Nexe; Euskal Herriko Iratzar Fundazioa, Alkartasuna Fundazioa eta Ezkerraberri Fundazioa; Galizako Fundació Galiza Sempre eta Xosé Manuel Beiras y Raúl Asegurado (Anova), eta Aragoiko Fundación Gaspar Torrente eta Fundación Aragonesista 29 de junio. Halaber, sindikatuen fundazioak ere izan ziren partaide: Galizako Fundación Moncho Reboiras eta Euskal Herriko Manu Robles Arangiz Fundazioa eta Ipar Hegoa Fundazioa. Lehentasuna eman zitzaien lurralde bakoitzean pisu garrantzitsua duten eragile politiko eta sindikalei; halere, aintzat hartzen da espazio ideologiko hau are pluralagoa eta heterogeneoagoa dela.
Oro har partaideak ados zeuden herrien burujabetza oinarritzat hartu behar dela alternatiba taxutzeko, hala neoliberalismo hegemonikoaren aurrean, nola xenofobiaren, eskuin muturaren eta faxismo agerpen desberdinen aurka. Globalizazio alternatibo baten beharra azaleratu behar da, ez estatuek eta kapitalismo neoliberal basatiak 90etako hamarkadatik hona bultzatu dutena; honen izendatzaile komuna edo DNA izan behar da solidaritatearen defentsa, justizia soziala, sexu- eta ugaltze-askatasunak, ingurumena, aniztasun kulturala eta herrien eskubide kolektiboak.
Hain zuzen, dei egin zitzaien oraindik ere herri orok bere hautuak erabakitzeko eskubidea duela -estatu berriak osatzeko aukera barne, gehiengo sozialek hala nahi balute- uste ez duten ezker eta indar progresistei, eskubide honen alde egin dezatela, globalizazio neoliberalaren alternatiba eraikitzeko funtsezkoa baita; hain zuzen, globalizazio horrek estatuak eta inork hautatu ez dituen nazioarteko eragileak elkartzen ditu herriak eta gehiengo sozialak azpiratzeko.
Azkenik, espainiar Estatua hautetsi katalanen aurka egiten ari den erasoa ikusirik, CIEMENek Bartzelonan bildutako organizazioek erabateko babesa eta elkartasuna adierazi zieten herri katalanari eta bere erakunde demokratikoei; hauek, espainiar gobernuaren jarrera itxia medio, alde bakarreko bideari ekin behar izan diote.
Iritzia
Links
- Jarrai gaitzazu YOUTUBEn!
- Eusko Alkartasuna
- Gazte Abertzaleak
- Imagination. 100 years of visual political communication on self determination
- Fundazio politikoen gardentasun-rankinga / Ranking de fundaciones
- EAren dokumentazioa artxiboan/ Documentación de EA en el archivo: www.sanchoelsabio.eus
- Draft proposal by Eusko Alkartasuna to expedite a sovereign agreement favouring the independence of Euskal Herria