abr 4, 2025
Comentarios desactivados

Coppieters Awards

Elisa Loncón Antileo maputxeak Coppieters Saria jaso du Bruselan

Anders Eriksson, Ana Miranda, Elisa Loncón Antileo -Coppieters Awards 2024- eta Antonia LucianiSari honekin, Coppieters Fundazioak Txileko demokratizazio prozesuan eta kultura eskubideen inguruan egindako lan eskerga aitortzen dio buruzagi Maputxeari, bai eta aniztasuna zein ingurugiroaren zaintzaren aldeko borroka.

“Lurrari lotuta hazi nintzen, belaunaldiz belaunaldi estutzen saiatzen garen lotura. Sendiak erakutsi zidan Lurra gure ama dela, eta bere aniztasuna, gure zoriontasunaren sustrai. Denok gara Lurraren seme-alaba, eta erari zor gatzaio

Bruselak.

2025eko martxoaren 26an, Alkartasuna Fundazioa kide den erakundeak Elisa Loncón Antileo aintzatetsi zuen Coppieters Sariarekin, maputxeen eskubide kolektiboen defentsa demokratikoari nahiz bakearen eta aniztasunaren idealei egindako aparteko ekarpenagatik.

Ekitaldia Bruselako Grote Markt ikonikoan egin zen, eta hainbat arduradun politiko, Europako Parlamentuko kide, gizarte zibil, akademiko eta komunikabideetako berriemaile bildu zituen, Elisa Loncon Antileori gorpuzten dituen balioak aitortu asmoz: erresilientzia, osotasuna, enpatia, eta justiziaren bilaketa.

Elisa Loncón Antileok ondo ezagutzen du Euskal Herria, Alkartasuna fundazioko ordezkari Iria Epalzarekin solastu zuenean adierazi bezala. 2021ean Eusko Jaurlaritzak Giza Eskubideen aldeko René Cassin saria eman zionekoa gogoan izan dute, bai eta euskaldunon eta maputxeen arteko ahizpatasun kulturala.

Antonia Luciani kortsikarrak -Coppieters Fundazioko Presidenteak-, Elisa Loncón hizkuntzalari maputxe eta Txileko indigenen eskubideen aldeko ekintzaile gisa duen rola azpimarratu zuen. Baita 2021ean Txileko Konbentzio Konstituzionalerako maputxe herriaren ordezkari gisa jorratutako papera ere. Organoaren inaugurazioaren ondoren, Loncón Konbentzio Konstituzionaleko presidente hautatu zuten, eta funtsezko zeregina izan du Txileko etorkizun politiko eta juridikoa definitzeko eta irudikatzeko garaian.

Nabarmentzekoa da, halaber, Ad Mapu erakunde kulturaleko eta Aukiñ Wallmapu Ngulam-eko (AWNg edo Consejo de Todas las Tierras gaztelaniaz) kide dela, non Wenufoye bandera maputxearen diseinuan irudikatu zuten.

Ana Miranda “Orain Errepublikak” zerrendako kide eta Bloque Nacionalista Galegoko europarlamentariak -Europako Parlamentuko Asanblada Euro-Latinoamerikarreko Ordezkaritzaren presidenteorde dena-, Loncón Antileo goraipatu zuen zoritxarraren aurrean erakutsitako ausardiagatik eta justiziarekiko konpromisoagatik, maputxe herriaren kultura eta tradizioa erraietatik lau haizetara zabaltzeagatik eta oinarrian klima eta iraunkortasuna dituen ekintza politikoaren defentsagatik, kulturen eta hizkuntzen arteko lotura sendoa eta ingurumenarekiko errespetua eginez.

2022 Coppieters Sarien hartzailea, Anders Eriksson, Alands Parlamentuko ministro ohiak ere Loncón Antileoren garrantzia azpimarratu zuen sinbolo gisa, datozen belaunaldiak inspiratzeko ahalmena duen norbait bezala. Ez bakarrik maputxe, txiletar edo latinoamerikarren artean, Europan ere bai.

Ekitaldia amaitzeko, Elisa Loncón Antileo saridunak hitzaldi hunkigarri bat eman zuen, “Ur-jauzia / Txayeno” olerkia errezitatu baitzuen bere ama hizkuntzan, mapugundunan, eta saria aitortu zion, ez bakarrik harentzako aitorpen gisa, baizik eta “herri indigenen borroka eta erresistentziari, haien hizkuntzei, haien kulturei, eta demokrazia benetan inklusiboa, plurala eta bidezkoa izango den etorkizun baterako duten eskubideari egindako omenaldi gisa”, “gizakiak ez ezik, Ama Lurreko beste izaki guztiak ere barne hartuko dituen demokrazia”.

Bere hitzaldian, “arraza-diskriminazioaren, linguizidioaren eta ekozidioaren” aurkako oposizioa adierazi zuen, “sistema kolonial, antropozentriko, patriarkal eta esklabista baten legatuaren” aztarnak, “herri indigenak eta koloreko pertsonak sakrifikatzen zituena aberastasunaren izenean”.

“Demokrazia, gaur egun ezagutzen dugun moduan, aurrerapenaren ideia batean harrapatuta dago, beste guztia suntsitzen duena: herriak, basoak, ozeanoak, ekosistema osoak suntsitzen ditu. Desoreka modu berrietara eraman gaitu, klima krisietara. Mundua eta mundua kudeatzeko modua birpentsatu behar dugu lurraren errespetu eta zaintzatik hasita.”

 



Los comentarios están cerrados.